Jaunaren Eguna

 

JAUNAREN EGUNA 

Urtean Zeharreko XXXIII. domeka “A”

Anai-arrebok:Liturgia urtearen amaierara hurreratzen ari gara eta ebanjelioan beste parabola bat entzungo dogu, jaso doguzan doeez, balioez, Jaunaren deiaz, fedeaz jabetu gaitezan.

Jainko gure Aitak ondasun batzuk itzi dauz gure eskuetan eta gu gara horren arduradun. Hartutakoa ez da guretzat; ezta gordetzeko ere.

Gaur, Pobreen Munduko Eguna ospatzen dogu, «Emon bostekoa – Tiende la mano» goiburuaren haritik. Frantzisko Aita Santuak hauxe dinosku: «Eskua zabaltzea zeinua da: egiteaz batera, gertutasuna, alkartasuna, maitasuna gogorarazten dauan zeinua”. Bizi dogun egoera ikustia eta ezin dogula batzar jentetsurik antolatu kontuan hartuta, aurton Bizkaiko Eleiza ezin izango da batu Eleizbarrutiko Alkartasun Zeinua ospatzeko. Halanda be, horrek ez dau esan gura Pastoral Barrutietan edo parrokietan ondorengo hau agertzera emongo dauan zeinurik ezin dogunik egin: «Eskua zabaltzean, lehenengo eta behin, gure barruan bizitzari zentzuna emoten deutsen zeinuak egiteko gaitasuna dogula ikusteko balio deutso egiten dauanari”. Aurton, dei egiten jaku Eleizbarrutiko kristau alkarteei, gizon eta emakume txirotuen aldeko hautua gure herri eta auzoetan agertzera emon daigun

Abestuz ekingo deutsagu ospakizunari.  Kantua:   “Bihotz batez…”

HASIERAKO OHIKUNEAK

Agurra

Jesukristo gure Jaunak, eta Aita Jaungoikoak poztu dagizala gure bihotzak eta haren maitasuna dan Espiritua bizi dadila gure artean:

+ Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. R/. Amen.

PARKAMENA

Gutaz fio dan eta egunez egun ontasunean eta eskaintzan hazteko konbitea egiten deuskun Aita dogu. Baina, beharbada, behin baino gehiagotan huts egin deutsagu konfiantza horri. Horregaitik, eskatu daigun parkamena.

― Gure itxaropena zarana. Erruki, Jauna.

― Gure bakea zarana. Kristo, erruki. 

― Berbizkundea eta bizia zarana. Erruki, Jauna.

+ Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua eta gure pekatuak parkaturik eroan gaizala betiko bizitzara. AMEN.

AINTZA…

Egin dagigun otoitz (Isil unea).

Jainko gure Jauna,

egin gagizala zure laguntzak beti alai zure zerbitzuan,

ondasun guztien iturri zaran Horren eskuetan bizitzea da-eta

guretzat egiazko zorion betea eta iraunkorra.

Zure Seme Jesukristoren bitartez. R/. Amen

HITZAREN LITURGIA

Lehenengo irakurgaiak, herri jakinduriaz baliatuta, emakumearen eredu jakin bat proposatzen dau: etxeko eta familiako ondasunak ugaritu eta behartsu eta txiroari eskua zabaltzen deutsan emakumea.

 Herriaren sentipena batu nahi dau hemen idazleak, Itun Zaharrean irudikatzen zan lez.

 Lehenengo irakurgaia Esaera Zaharren liburutik

Nork aurkitu leikean etxekandra ona!

Harri bitxiena baino handiagoa da haren balioa.

Haregan dauko uste ona senarraren bihotzak;

eta ez dau haregaz galtzen urtengo.

Bizitzako egun guztietan onik asko emongo deutso, txarrik ez.

Artulea eta linoa eskuratuko ditu, eta esku lanetan trabe jardungo dau.

Goruari lotzen deutso eskua, eta haren hatzamarrak ardatzari eragiten deutsoe.

Zabaltzen deutso eskua ez-eukiari, eta besoa luzatzen behartsuari.

Guzurtia da liraintasuna, igeskorra edertasuna, goragarria, ostera,

Jaunaren bildur dan etxekandrea.

Goratu egizue bere esku lanakaitik, eta haren egiteak izan beitez bere goragarri

herriko ateetan. Jaunak esana

Erantzun Salmoa:  127. Salmoa     Dohatsu, Jaunaren bildur dana.

    R/. Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, neure Jainkoa.

Doatsu, Jaunaren bildur dana, 

Haren bideetan dabilena.

Zeure eskuen lana dozu jango,

zoriontsu izango zara ta ondo jatzu joango. R/.

 

Begira, holan izango da bedeinkatua gizakia,

Jaunari bildur deutsona.

Jaunak Siondik bedeinkatu zagizala,

Jerusalen doatsu ikusiz beti bizi zaitezala. R/.

Bigarren irakurgaian, San Paulok munduaren azkenaz eta horri gertatuko dan egunaz hitz egiten dau, seguruenik Jaunaren etorreragaz bat, gitxien uste dogunean, gertatuko dala esanez.   Kristauok, esna egonez, Jauna onartzeko beti prest egon behar dogu.

Bigarren irakurgaia San Paulo apostoluak Tesalonikarrei

Senideok: Noz eta zelan izango danik, ez daukazue nik idatzi beharrik; zeuok dakizue, nahiko ondo, Jaunaren eguna lapurra gauez lez etorriko dana.

“Bakea eta nasaitasuna” esaten diharduenean, orduan uste barik etorriko jake ondamendia gainera, umedun dagoanari erdi-minak lez; eta ez dabe iges egiterik izango. Zuok, ostera, senideok, ez zaree ilunpetan bizi, egun horrek lapurrak lez harrapatzeko zorian; guztiok argiaren eta egunaren seme zaree. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez dagigun lorik egin, besteak lez; egon gaitezan zuhur, eta izan gaitezan neurritsu. Jaunak esana

 Jaungoikoak, batzuei gehiago beste batzuei gitxiago, dohai baliotsuak emon deuskuz danoi. Baina ez alperrik gordeteko, besteen onerako erabili eta lantzeko baino.  Zutunik, «Aleluia» abestu daigun.

 Jesukristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik.

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen bere ikasleei: “Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan; beste bati, bi; beste bati bat bakarrik. Bakoitzari, bere trebetasunaren arauera. Eta gero joan egin zan. Bost talentu hartu zituanak, hareekaz lanean hasi zan bereala, eta bete bost irabazi zituan. Bi hartu zituanak ere, bardin egin eban, eta beste bi irabazi zituan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zulo bat egin, eta han gorde eban bere nagusiaren dirua.

Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken.

Urreratu zan bost talentu hartu zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi zeunstazan, begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzoa izan zarealako,, askoren buru egingo zaitut; sartu zaitez zure nagusiaren pozetan”.

Urreratu zan talentu bi hartu zituana, eta esan eutson: “Jauna, talentu bi itzi zeunstazan, begira, beste bi irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzoa izan zarealako, askoren buru egingo zaitut; sartu zaitez zure nagusiaren pozetan”.

Azkenean, urreratu zan talentu bat hartu ebana, eta esan eutson: “Jauna, banekian gizon zorrotza zinana; erein ez dozun tokian hartu, eta zabaldu ez dozun tokian batzen dozuna. Beraz, bildurrez joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hor daukazu zurea!”

Nagusiak erantzun eutson: “Morroi gaizto eta alperra! Bazenkian, beraz, nik erein ez dodan tokian hartu, eta zabaldu ez dodanean batzen dodana. Horregaitik, nire dirua dirulariei itzi behar zeuntsen, nik, etortean, irabazi eta guzti jaso nengian. Kendu egiozue talentu hori, eta emon hamar daukazanari. Daukanari emon egingo jako eta, eta gainezka eukido dau; ez daukanari, barriz, daukana ere kendu egingo jako. Eta morroi alper-huts hori bota kanpoko ilunpeetara. Han izango da negarra eta hagin-karraskadea!” Jaunak esana

HOMILIA 

Gaur Jesusek aurkezten deuskun parabolak ideia ugari sorrarazi deikegu; askotan, dana dala, ez dogu ondo ulertzen. Izan be, parabola hau zuzen ulertzeko eta beronegaz otoitz egiteko lehenengo irakurraldian ulertzen dogunetik harago joan behar dogu, azken batean, hauxe esan gura deuskulako: kontua ez da emoten jakuzan doeakaz zenbat onura lortzen dogun, doe horreez baliatzeko ezinbesteko adorerik dogun baino. Izan be, lehenengo irakurgaian esaten jakunez, asko ahalegindu behar dogu gauza guztiek aurrera egin daien. Beraz, helburua ez da gure ahaleginaren truke lortu daikegun saria, beste barik, ahalegintzea eta saiatzea baino, hau da, bigarren irakurgaian esaten danez, Jainkoak maite gaituala eta, Pazko gaubeilan gogoratzen dogunez, Argiaren seme eta alaba garala sentituta jardutea.

 

Benetan ahalegindu egin behar dogu, bildur barik, dana geure esku balego lez eta, azkenean, dana Jainkoaren eskuetan dagoala jakinda. Horixe dinosku San Inazio gure zaindariak. Horren adierazle doguz, baita be, doe ugari jaso ebezanak, hasieran eukiena baino bi bider gehiago jadesten dabelako eta ahalegin beraren truke sari bera jasoten dabelako. Jainkoaren maitasun horrek daukaguna emoteko eskatzen deusku; ez deusku eskatzen heroi izatea, apurka-apurka, egunez egun hobetzea baino, Jesukristo gure ereduarengana hurreratzen joateko.

Emon deioguzan eskerrak Jainko Aita Onari, bere doeak gure esku jarri ditualako. Doeak hartu eta ez gaitezala ezkutatu, besteen zerbitzura jarri daiguzala, nahiz eta batzuetan txiki edo makalak garala pentsatu. Aita Jainkoa, bete daigula mundu hau zure maitasunagaz eta gure esku jarri dozuzan doeakaz, danon artean guretzat amestu zenduan Erreinua eraiki daigun.

Homiarako beste laguntza pare bat: J L Sicrerena eta Pagolarena

Urteko 33. igandea A (2020-11-15)

 Enplegatu beldurtia eta emakume enpresari ereduzkoa (Mateo 20 25,14-30)

          Joan den igandeko parabolak (hamar neskatilenak) pertsona azti eta begiratu izateko eskatu zigun. Gaurkoak ekintzaile izateko eskatzen digu, Jainkoagandik hartutako dohainei kutsua ateratzen saiatzeko. Jesus lehentxeago, beste parabola batean, nagusiaren eta beronen enplegatuen irudiaz baliatu da. Berriro hartuko du irudi bera, baina kultura hiritar eta aurre-kapitalistako testuinguruan jarriz. Oraingoan, jaunaren aberastasuna ez datza lur, soro eta abere eta artalde-jabe izatean. Eskudirutan milioiak izatean datza; izan ere, zorioneko «talentu» horiek ez dute zerikusirik adimenarekin. Talentuak zilar-kantitate bat adierazten zuen, desberdina lurraldeen arabera: 26 kilo inguru Grezian, 27 Egipton, 32 Erroman eta 59 Israelen. Beraz, hiru administratzaileek, gutxi gorabehera, 300, 120 eta 60 kilo-zilar hartu dute hurrenez hurren.

Enplegatu beldurti, zabar eta alferra

          Lehen biek bikoiztu egin dute kantitatea, gomendatu dien diruarekin tratuan jardunez. Baina parabolak hirugarrenari erreparatzen dio nagusiki: leku ezkutu bat bilatzen saiatu da, zulo bat egin eta han gorde du talentua. Gaur egungo irakurleak, antzeko kasu asko ezagutzen dituelarik, buru-argiena zein izan den galdetuko dizu. Zer da hobea: kapitala akzio arriskutsuetan ipintzea ala kutxa gotor batean gordetzea? Aitzitik, parabolako jaunak argi eta garbi du: dirua inbertitu egin behar zuen eta kutsua atera, lehen bi enplegatuek egin zuten bezala.

         Zergatik ez du egin gauza bera hirugarrenak? Hirugarrenak berak esan du: jauna ezagutzen duelako, beldurra diolako, eta nahiago izan duelako arriskurik ez jasan. Eta labur bukatu du: «Hemen duzu zeurea».

         Jauna, ordea, ez dator bat, ez aitzakia horrekin, ez jarrera horrekin. Azken batean enplegatuari eragin diona, ez da izan beldurra, baizik eta zabarkeria eta alferkeria. Bost axola diote bere jauna eta honen interesak. Eta bere erabakia hartu du jaunak; gaur egun, sindikatu guztien manifestazioa eta iskanbilak eragingo lituzkeena: kartzelara bidali du («bota ezazue kanpora, ilunpera»).

Arazoa geure buruari aplikatuz

          Sindikatuek arrazoia izango lukete, eta enplegatua berrartzea lortuko lukete, kalte-galerak berak ere ordaintzea. Baina parabolako Jauna ez dago, ez sindikatuen mende, ez lan-auzitegien mende. Eskubide osoa du gutako bakoitzari kontuak eskatzeko, gomendatu digun altxorraz.

         Neskatilen parabolan olioarekin gertatu zen bezala, talentuez ere askotariko interpretazioak eman izan dira: giza kualitateak ote diren, fedearen dohaina ote den, Eliza barneko misio edo eginkizuna ote den, etab. Horietan ezerk ez du batak bestea baztertzen. Parabolak aukera bikaina demaigu, auto-azterketa bat egiteko: zer hartu dut Jainkoagandik, maila guztietan: maila gizatar, erlijioso, familiar, profesional, eliztarrean?  Zer egin dut harekin? Kutxa gotor batean gorde? Mesedegarri izan al da besteentzat? Mateoren ebanjelioan bertan esaten denez: Nire argiak egin al du distirarik gizon-emakumeen aurrean, zeruko Jainkoa aintzatu dezaten? Uste al dut, nahikoa dela esatea: «Hemen duzu zeurea»?

Irakaspen nahasgarria

         Parabola, hitz oso bitxiz bukatu da: «Duenari emango zaio, eta ez duenari kenduko zaio duentxoa ere». Zertan gara? Badu ala ez? Esaldia ez dator, gero, kopiatzailearen oker batetik, bere horretan dator hiru ebanjelio sinoptikoetan (Mt 13,12; Mk 4,25; Lk 19,26). Daitekeena da, Jesusek berak puntu hori geroago argitu nahi izana, hiru enplegatuei bere kapitala gomendatu dien jaunaren istorioa dela medio. Honela, gardenago gelditu da esaldia: «Ekoizten duenari emango diote, eta ekoizten ez duenari kenduko diote duen hura». Parabola horrek, azkenean, bi bertsio aski desberdin izan zituen, Mateorena, gaur irakurria, eta Lukasena (19,11-27). Lukasek, sindikatuen haserrerik ez eragiteko, ez darama kartzelara enplegatu zabarra, denarioa kentzera mugatu da.

Emakume enpresari ereduzkoa (lehen irakurgaia: Esaera Zaharrak 31,10-13.19-20.30-31)

         Parabolaren testuinguru ekonomikoan, oso ondo ahokatzen da Esaera Zaharrak liburuak aipatzen duen emakume enpresarioaren irudia. Elizen Arteko Bibliak «emakume jatorra» emanez euskaratu du (Belokeko Marcel Etchehandyk: «emakume aria»=aritzen dena emanez). Testuak lehen itzulpen hori baino zehazkiago deskribatu du emakume hori. Aldi berean enpresari ona den emakumeaz ari da (argiago geldituko zen hori, liturgiak testua eten ez balu): premian direnekin eta bere zerbitzariekin eskuzabala, arduratsua bere seme-alabekin eta senarrarekin, herrikideek errespetua eta estimua diotena, berak ere Jauna errespetatzen duelako. Interesgarria da irudi hau, duela hogei hiru edo hogeita lau mende idatzitako liburu batean emana; gure esaera zaharraren hain desberdina: «Ez diezaiozula eman emazteari zeurea duzun eskua eta boterea, nahi ez baduzu zeure burua lotsaz ikusi». Poema osoa irakurri nahi duena (Esaera Zaharrak 31,10-30) jabetuko da emakume honek garatzen duen egundoko jardueraz, goizean goizetik arrats beranduraino. Bikain inbertitzen jakin du Jainkoagandik hartutako kapitala (direla bost, bi edo bat talentuak).

José Luis Sicre

BILAKETA SORTZAILEA (Mateo 25,14-30)

Urteko 33. igandea A 2020-11-15

Itxurazko bere xalotasuna eta guzti, talentuen parabolak karga handia dau. Harrigarria da ikustea, hirugarren morroia gaitzetsia dela inolako ekintza txarrik egin barik. Bere oker guztia ezer ez egina dau: ez dau arriskatu bere talentua, ez deutso fruturik atara, osorik gorde dau leku seguru batean.

Argia da Jesusen mezua. Ez gordetea, bai etekina lortzea. Ez bizitza antzu bati, bai Jainkoari emondako erantzun eginkorrari. Ez segurtasun-obsesiboari, bai ahalegin arriskutsuari mundua eraldatzeko. Ez konformismopean gordetako fedeari, bai lan konprometituari Jainkoaren erreinuari bideak urratzeko.

Jesusen jarraitzaileen pekaturik handienetariko bat izan daiteke ez arriskatzea. Berari era sortzailean jarraitzeko. Esanguratsua da kristauen artean urte askotan erabili izan dan hizkuntzari erreparatzea, arreta sarritan zertan zentratu izan dugun ikusteko: fedearen gordailua gorde; tradizioa kontserbatu; ohitura onei eutsi; grazia gorde; bokazioari eutsi…

Kontserbatismo-tentazio hau indartsuagoa izaten da krisialdi erlijioso batean. Errez gertatzen da orduan ortodoxia kontrolatu nahia, diziplina eta arautegia indartu beharra, Elizako izatea segurtatzea… Dan-danak izan leike bere arrazoia, baina ez al da gertatzen sarritan Ebanjelioa desitxuratzeko aitzakia eta Espirituaren sormena izoztekoa?

 

Zuzendari erlijiosoentzat eta kristau-elkarteen arduradunentzat erosoagoa gerta liteke «errepikatzea», era aspergarrian, iraganetik hartuak diren bideak, kontuan hartu barik gizaki modernoaren galderak, kontraesanak eta planteamenduak; baina zertarako hori guztia, gure egunetako gizon-emakumeentzat ekaitz bortitz diran problemei eta sufrimenduei argia eta esperantza eskaintzeko gai ez bagara?

Elizaren barruan gaur egun zaindu beharreko jarreren izenak ez dira «zuhurtasuna», «iraganari leialtasuna», «amore ematea»… Besteok baino: «bilaketa sortzailea», «ausardia», «arriskurako gaitasuna», «Espirituari entzutea», dan-dana barri egiten dau honek eta.

Gauzarik larriena izan daiteke, parabolako hirugarren morroiak bezala, guk ere uste izatea, Jainkoari leial erantzuten gabilkiozala geure jarrera kontserbadoreaz, egiaz harek espero dauanari huts egiten gabiltzala. Elizaren egitekorik nagusiena gaur egun ezin da iraganari eustea, baizik Jesusen Berri Ona komunikatzen ikastea inoiz ez bezalako aldaketa soziokulturalek astindua den gizartean.  Jose Antonio Pagola

 

FEDE AUTORTZA

Gogora ekarri dagigun eta barriztatu Jainkoagan dogun fedea:

 E/.  Si –   nis – ten   dot,   si- nis-ten dot Jau-na,  si-  nis-ten  dot!

+ Sinisten dot Jaungoiko Aita ahalguztiduna zeru‑lurren egilea.

+ Sinisten dot Jesukristo haren Seme bakar, gure Jauna.

+ Sinisten dot Espiritu Santua, Eleiza santu, katolikua,

   Santuen alkartasuna eta betiko bizitza. Amen.

 HERRI OTOITZA

Egin daigun otoitz mundu osoko anai-arreben, Eleizaren eta geure alde.

1.- Eleiza osoaren alde. Jaunaren deiari erantzunez, eskua zabaldu deiela pobreei, eurengana gerturatu daitela, begietara begiratu deiela eta besarkatu daizala, bakardadearen hoztasunean berotasun apur bat ipinteko. Eskatu deiogun Jaunari.

2.- Diakono barriaren alde. Diakono ordenatzen dan Roberto Vidalek poztasun eta leialtasunez bete daiala bere ministerioa, zerbitzatua izatera ez ezik zerbitzatzera etorri zan Jesukristoren atzetik jarraituz. Eskatu deiogun Jaunari.

3.- Herrietako agintarien alde. Zuzentasuna, bakea, aurrapena eta ongizatea hedatu daiezala guztiontzat eta, batez be, behartsuenentzat. Eskatu deiogun Jaunari.

4.- Gaixoen eta baztertuen alde. Pandemiaren biktimek, baztertuek eta txirotuek eskuzabaltasuna eta alkartasuna aurkitu daiezala guregan. Eskatu deiogun Jaunari.

5.- Gu guztion alde. Parrokia alkartean (Pastoral Barrutian) alkarri lagundu deiogun zamak eroaten. Eskatu deiogun Jaunari.

Entzun, Jauna, gure otoitza eta lagundu eiguzu zuk emondako talentuak ondo kudeatzen. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

DIRUA BATU AURRETIK

Eleizak pandemia aldian jarduera esanguratsu eta garrantzitsua izan badau be, bizi dogun osasun, gizarte eta ekonomia krisiak aurrerantzean be laguntzen jarraitu daigula eskatzen dau. Idazteunean, hamarrenak aitatzen dira. Aurton, zera proposatzen jaku: egun bateko soldata krisiaren astindu latzena jasaten dabenei emoteko: bizilekurik ez daukienei, langabetuei, etorkinei, baliabiderik ez daukien nagusiei, gaixoei, Hegoaldeko herrialdeetako pertsonei, e .a.Parrokia edo pastoral barruti bakotxak batuko ditu dohaintzak eta batutakoa ze egitasmo solidariotara zuzendu erabagiko dau.

ESKER ONEKO OTOITZ  NAGUSIA

Fededunok domekan alkartean batzea Jainkoaren dohaina dogu. Bera batzarrean gurekin dogulako, esker onak agertu deioguzan:

V/. Aintza Zuri, Jauna.

R/. Aintza Zuri, Jauna, eta eskerrak Zuri!

ABESTI TXATALA:

 V/.  Ain-     tza   Zu-    ri,    Jau –    na.

 V/.  Ain-  tza   Zu-    ri,    Jau-      na,   e- ta  es-ke-    rrak  Zu-  ri!

Zuk beti prest dituzu guztiontzat

behar doguzan janari-edariak,

eta orain gertu daukazu guretzat

betiko bizia emoten dauan ogia,

Jesukristo zure Semearen gorputz santua.

V/. Aintza Zuri, Jauna.

R/. Aintza Zuri, Jauna, eta eskerrak Zuri!

 

Alkarregaz jango dogun azkenengo Eukaristiako ogia

gari-ale askotatik egina izan dan lez,

horrela gu ere, zure Eleiza osotzen dogunok,

sinismen eta maitasun berak batu gagizala

lurraren alde batetik besteraino

zure Erreinuko batasunean.

 

V/. Aintza Zuri, Jauna.

R/. Aintza Zuri, Jauna, eta eskerrak Zuri!

Eskerrak, bai, Jaungoiko gure Aita,

badan, badatorren eta etorriko dan

zure Seme Jesukristo, gure Jaunarengaitik.

 

V/. Aintza Zuri, Jauna.

R/. Aintza Zuri, Jauna, eta eskerrak Zuri!

 

JAUNARTZEKO OHIKUNEA

Egun berezi honetan, Jesusek bere ikasleei erakutsitako otoitza esango dogu orain. Jainkoaren seme-alabak eta gure artean anai-arrebak garala autortzen dogu. Hori egi bihurtzeko, behartsuak izan behar ditugu gogoan lehenengo. Horixe izan zan, hain zuzen, Jesusen jarrera eta estiloa.

Gure Aita, zeruetan zarana…

Gure talentuak erabiliz, herrian eta elizan alkartasun eta bake egile izatera bialtzen gaitu Jainkoak. Erantzuna emoteko prest gagozala agertzeko:

emon deiogun bakea alkarri!

 

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa,

hona munduko pekatua kentzen dauana.

Zoriontsuak, Jaunaren mahaira deituak!

 

Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko,

baina esaizu hitz bat eta osatuko naiz.

 

 

Jaunartze ondorengo otoitza

 

Egin dagigun otoitz.(Isil unea)

Zure doe santuak harturik,

apalik eskatzen deutsugu, Jauna:

Zure Semeak bere oroigarri

egiteko agindu euskun Eukaristiak

gehitu dagiala gugan maitasuna.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.R/. Amen.

 

 

AMAIERAKO OHIKUNEA

Erreinuaren eraikuntzan jardungo dogu, emon izan jakuzan doe eta talentuak garatu eta Barri Ona iragarriz!

Eleiza batean sortu gaituen Jainkoak bedeinkatu eta zaindu gaizala:

+  Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.    

R/. Amen.

Azken kantua: «Alkartuta goazen aurrera kantari,

                       bideak zabalduz betiko pozari»

 

Goazen Jaunaren bakean!

Eskerrak Jainkoari!

 

BARRI ONAREN ASTERKETA

Bidean doan Jesusen taldea gara, eta domekero alkartean batzen gara Eukaristia ospatzeko; egiten dogun guztia, Jesus berbiztua gure artean dogula jabetzeko eta ospazteko da.

Domeka honetako mezu nagusia telentuen parabolan dogu. Zer eskatzen deusku? Gure dohaiak eta talentuak Jainkoaren Erreinuaren alde erabiltzeko deia dogu (lehenengo eta behin ezagutu egin beharko ditugu; pobreenak ere beti dauka zerbait besteari eskeintzeko).

Baina… Zer da “Erreinuaren zerbitzura ipintea”? Jesusen esanetan, ahul eta pobreenen alde egiten dogun guztia da. Morroi alperrak ez eban egin zerbait txarto, egin ahal izan eban ona egin barik itzi baino. Jesusek honetara konbidatzen gaitu: Berak maite dauana, baloratzen dauana, berak bizitzako helburu lez euki ebana, guk egi bihurtzen ahalegintzea. Eta honek, zeruko Aita-Amaren desioarekin bat egiten dau: Jainkoaren Erreinua gaurkotzen joatearekin. Eta guzti hau gauza ikusgarrietan barik eguneroko gauzei begiratuz.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

BARRIAK

Datorren matxoaren 9an Bake Topaketa da. Zornotzan

Meza Ordutegia

Bake Topaketa 2019

Aizu!

Prueba: La fecha para la inscripción en la catequesis infantil es a partir del 10 de marzo